XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Proposamen honen asmoa ez da beste literatur korronte berri baterako manifestua aldarrikatzea, literatur kritika propedeutiko eta abangoardisten maneran, baizik eta Potten bidez euskal literaturak lortu duen egonkortasuna indartzea, literatur hau beste irtenbide alternatiboz ugal dadin.

2. Loriac eta virtureac

2.1. Obabakoak-en arracasta

Aurreko hitzaldian esan dudan bezala, Atxagaren literaturgintzaz eta, batez ere, Obabakoak lanaz hitzegitean ez gara ari beste ezein euskal liburuz bezalatsu.

Alegia, 80ko hamarkadan Euskalerrian eta Espainian arrakasta, onespen eta osperik handiena jaso duen euskal literatur lanaz ari gara, eta oraintsu egiten ari garen euskal literaturaren historia behin behingo honi dagokionez, 70eko hamarkadan egin zen literatur eraldaketa nagusienaren fruiturik umo eta oparoenaz dihardugu halaber.

Dudarik gabe, 80ko hamarkadako eta seguruenik 90ekoaren hasierako libururik eragingarrienetakoaz ari gara.

Laburbilduz, euskal literatur kanonikoaren adierazlerik lehen eta guneenaz ari gara.

Obabakoak-en arraskata hau ulertzeko, lehenik lanaren muga denboral, espazial eta diskurtsiboak aztertzea komenigarri da bertan baitago arrakastaren arrazoietako bat.

Irakurleak gogoratuko duenez, Obabakoak bi partetan partiturik dago.

Lehen sei ipuin edo testuek izenik ez duen lehen sail bat osatzen dute datozen beste ipuin guztiei kontrajarririk.

Beste ipuin guztiok bigarren ipuin sail bat osatzen dute aldiz, Azken hitzaren bila deritzona. (3) Lan honetan euskarazko jatorrizko lanaz bakarrik mintzatuko gara, zeren gaztelerazko itzulpenak, Sarasolaren aurkezpen historikoaz eta amaierako Atxagaren autobiografiaz gainera, baditu zenbait aldaera tipi zeinak idazlanari beste ikuspegi bat ematen baitioten. Hortik aurrera komenigarri litzateke beste itzulpenak ere (frantsesa, alemana, ingelesa, italiarra,...) kontutan hartzea, bertan ere aldaketarik izan baitaiteke. Atxaga beti ere bere lana berrikusiz eta berridatziz bizi da. Berridazketarena bere lanaren ezaugarri ez sahiesgarria dugu.

Bi parteon arteko desberdintasunak nabariak dira lehen irakurketa batean.

Lehen parteko sei ipuinak ezein ordenatan irakur litezke eta ez dute ipuinez gaineko egitura bateratzailerik.

Sei ipuinok herri tipi batean gertatzen dira (Obaba, Hamburgo ondoko herrixka bat, Villamediana) eta haur baten edo haur gisako gizaki baten (Villamedianako enanoa) esperientziarekin (...).